Laburpena
Proiektu honetan, Jon Maya eta Andrés Marinek euren sorkuntza eta esperientzia batzea erabaki dute, haietan euskal kulturak eta flamenkoak dituzten elementu komunetan sakonduz, euren jatorrietan oinarrituta eta sustrai horietatik elkarrizketa sustatuta. Jatorri euskalduna eta flamenkoa duten dantzak uztartze nahiak batu ditu bidean. Julen Achiary kantari eta musikari baionarra lagun dute oholtzan.
“Kukai Dantza” Errenterian (Gipuzkoa) sortutako eta kokatutako dantza konpainia da; Jon Maya Sein dantzariaren ekimenez sortu zen, 2001. urtean. Tradiziotik abiatutako sorkuntza garaikidea ikur duela, lengoai propio bat landu du urte hauetan, eta horren fruitu dira ondutako kolaborazio eta ikuskizun arrakastatsu andana (Oskara, Erritu, Gelajauziak eta Topa ikuskizunak), bai eta Marcos Morau, Israel Galván, Cesc Gelabert, Tanttaka Teatroa eta bestelako koreografoekin egindako lankidetzak ere.
Elkarrizketak sustatu ditu lengoaia artistiko askorekin (antzerkia, zinema, arte plastikoak, gastronomia…) eta nabarmentzekoa da konpainiak espazio eta ekimen berezietan lan egiteko duen gaitasuna: museoak, naturguneak…
“Kukai Dantza”-ren ikuskizunak hogeita bost herrialde baino gehiagotako antzoki eta jaialdietan aurkeztu dira. Horrez gain, sari esanguratsu ugari jaso ditu: Espainiako Dantza Sari Nazionala 2017an; Arte Eszenikoen MAX sariak 2009, 2015, 2017 eta 2018an; Kataluniako Kritikaren Saria 2016an; Huescako Nazioarteko Antzerki eta Dantza Jaialdiko ikuskizun onenari saria; Donostia Antzerki Saria; Valladolideko TAC Jaialdia; Umore Azokaren ohorezko saria…
“Kukai Dantza”-k, bere proiektu artistikoarekin batera, herritarren parte-hartzea sustatzen duen proiektu bat du Errenteriako bere egoitzan. Bertan, ikastetxe, kolektibo eta dantzari gazteentzako proiektuak eskaintzen ditu.