Laburpena
Atearen bestaldean pertsonok egoera kaltegarriak gainditzeko dugun gaitasuna eta erresilientzia lantzen duen ikuskizun parte-hartzailea da. Ate bat ireki eta gurutzatu. Ate bat ireki eta gonbidatu. Bata zein bestea itxaropen- eta alaitasun-ekintza txikiak dira, eta eginerrazak dirudite; hainbatetan, ordea, ezinezko bihurtzen dira.
Ikuskizun honek ateak irekitzera eta bestaldean dagoenaz gozatzera gonbidatzen du ikuslea.
2024an, “HIKA Teatroa”-k 35 urte beteko ditu, Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean, zeinak neurri berean maite dituen poesia bisuala eta errebeldia eszenikoa. HIKAren produkzioek izaera sozial nabaria dute, eta ikusleak beren buruekin gatazkan jartzen saiatzen dira.
“HIKA” antzerki garaikidea da, erronka artistikoen etengabeko bilaketa eta berritzea, ekoizpen berri bakoitzean etiketak uxatzeko aldarria. Antzerkiaz gain, zirkuak, musikak eta dantzak toki nabarmena hartu dute bere sormen-lanetan, zinez uste baitute diziplina guztiei atea irekitzea eta emaitza integral bat eskaintzea dela beti berritzen egotea.
Ibilbide luze honetan, “Hika Teatroa” kulturak berak bizi izan dituen aldaketa eta moldaketetara egokituz joan da. Hala eta guztiz ere, beti eutsi dio bere izaera sozialari, arte eszenikoak gizarteko arazoak lantzeko eta hausnarketa-bideak irekitzeko modua direla konbentzituta. Hasiera-hasieratik, gizartean pil-pilean egon diren gaiak landu ditu.
33tik gora ikuskizun propio ditu, 30 ekitaldi nahi erara, eta bitartekaritzako 2 proiektu propio.