Laburpena
Artilusio “ilusio artistikoak” sortzen dituen tramankulu bat da. Imajina dezagun liburuz elikatzen den eta bihotz-taupaden erritmoan funtzionatzen duen itxura fantastikoko makina handi bat. Eta tramankulu horren ondoan, Greta, adineko emakume maitagarri bat, liburuz eta ipuinez osatutako liburutegi txikiaren inguruan atzera eta aurrera. Osasun delikatua du Gretak. Emakume berezia da, apetatsua eta fantasia zalea. Tramankulua bere liburuen fantasia birsortzeko jostailu handi bat bezalakoa da beretzat. Berarekin Pina zaintzaile gaztea dago. Pina Gretaren istorio eta fantasietan korapilatuko da.
Makinak Gretaren gustuen araberako fantasiazko egoerak sortuko ditu: literatura unibertsaleko pertsonaia misteriotsuak zein munduan zeharreko bidaia fantastikoak. Horiek guztiak ongi pasatzeko eta jolasteko agertoki bilakatuko dira.
“Markeliñe” 1984. urtean hasi zen ikuskizunak sortzen, oso estilo pertsonalarekin. Estilo hori osatzen dute, besteak beste, irudi zainduak, aktoreen keinuek, objektu eta lengoaia ezberdinen inguruko ikerketa egiteko berezko modu batek, eta jatorrizko sorkuntzaren eta garaikidetasunaren aldeko apustu garbiak.
Gure mundua eta garaia zalantzan jartzen dituzten istorioak sortzen ditugu. Begirada kritikoa ematen diegu gure momentuari eta gure memoriari. Aurkezten ditugun istorioen bidez, ikusleek beren gatazka eta kontraesanak ikus ditzakete aurrez aurre, baina plazerra ere sentitu dezakete, modu eder eta adimentsuan azaltzen baititugu kontakizunak. Horrela, askotan minimoak izango diren iradokizun unibertsal, poetiko eta zirraragarrietan aurkituko dute ikusleek beren istorio propioak eraikitzeko abiapuntua.