Laburpena
Zer astakeria egiteko kapaz da gizakia bere buruagatik?, eta zer ez du sekula ere egingo? Mundua zoratuta dago; itsasontzi hau lemazain barik doa, eta gu, barruan gagoz...
Jendartearen ahots, desira eta ametsen artean, marmar beldurgarri baten mehatxua ailegatzen zaigu; gure bihotzean oharkabean piztuz eta handituz doa izenik gabeko ezinegon bat. Gure erantzuna bizitzaren aldeko garrasi mingarria da, maite dugun guztiaren aldeko aldarri basatia.
Atx Teatroa Bilbon sortu zen, 2010ean.
Euskal antzerkia egiten dugu, gure hizkuntzan, gure herrian eta gure egungo gizartearentzat. Eguneroko euskal jarduerak dakar euskal kultura, eta euskal kulturak, geure buruak begiratzeko ispilu bat.
Kulturaren balioa gainbeheran doa mundu globalizatu honetan, eta guk mahai gainean jarri gura doguz kulturaren zentzua, beharrizana eta erabilgarritasuna.
Edertasunaren eta perfekzioaren mundu honetan, ilunean dagoena kanporatu nahi dugu. Mundu distopikoak, arrarotasunak, minak, iluntasunak, zatarrak, zikinak… argitara atera, ikusleek gurekin batera atx egin dezaten.