/ Berriak.

“Danbor talka / Le choc des tambours” lanaren Bilboko aurkezpena bihar, OSTIRALEAN eta LARUNBATEAN, izango da, gaueko 24:00etatik aurrera, Nafarroa kalean hasiz eta Areatzako kaian egongo den eszenatokian amaituz

Deabru Beltzak, nazioartean oihartzun gehien duen arte eszenikoetako euskal konpainietako bat da, eta Les Commandos Percu taldeak bi hamarkada daramatza mundu osoko jaialdietan euren perkusio bitxiekin eta arte pirotekniko bereziekin

Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak–Bilboko Kalealdiak, Deabru Beltzak euskal konpainiaren eta Les Commandos Percu frantsesen kaleko azken muntaketa lan handiaren Bilboko aurkezpenarekin emango dio amaiera aurtengo edizioari. “Danbor talka / Le choc des tambours” ikuskizun zaratatsu eta ibiltaria Arriagako zubiaren hasieran hasiko da, ondoren Areatzako kaira joateko, BIHAR ostiralean eta LARUNBATEAN, gauerdi inguruan, Bilboko Kalealdiaren 16. edizioari amaiera emateko. 

45 minutu inguruko iraupena duen ikuskizunak joan-etorriko parte bat, eszenatoki gaineko parte finko bat eta eszenan dauden 12 artistak desagertu egingo diren azken mugimendua jasotzen ditu. “Danbor talka / Le choc des tambours” duela urtebete sortu zen, kalea bereganatzeko asmoz, ikus-entzuleekiko harremana erabatekoa den formatu handiko ikuskizunarekin. Ikuskizunak kulturen arteko talka eta elkar ulertzeko beharra irudikatzen du, bi triburen bitartez. Hori guztia, elkarrekintza hiru unetan sustatzen duen eszenan jartze beroarekin: inbasioan, topaketan eta desagerpenean. 

Inbasioan, musikarien-artifizieroen bi konpainiek elkarrekin joko dute eta kalean aurrera egingo dute, ikus-entzuleekin nahastuz, euren danborrekin eta gertuko argiztapen eta piroteknia efektuekin. Ibilbide osoan, geldialdiak egingo dira, eta leku horietan antzezleek ezusteak eskainiko dituzte. Pausoa azkarra da, erritmoak trinkoak, eta efektu berezi mugikorrak partituraren parte dira. 

Bigarren partean artistak Areatzako kaian dagoen eszenatokira igoko dira, eta bertan indartu egingo dira musikaren eta suaren arteko sinkronizazio efektu horiek. Etengabe mugituz, eszenatokia utzi eta kalera itzuliko dira, hiriaren edozein txokotik desagertzen diren bitartean eurekin eramango duten musika ikaragarri etengabearen erritmoan. Frantziako Tolosakoa, Chalon dans la Ruekoa edo Turnhoutekoa bezalako jaialdietatik igaro den lan horrek Garbitxuren eta Raymond Gabrielen musika eta zuzendaritza eszenikoa ditu, hurrenez hurren.

Deabru Beltzak kaleko antzerki konpainia 1996an sortu zuten Euskal herriko zenbait talde profesionaletako hainbat antzezlek. Ordutik 10 ikuskizun prestatu dituzte, 2.000 emanaldi baino gehiago, eta mundu osoko hogeita hamar konpainia ingururekin aritu izan dira elkarlanean. Nazioartean oihartzun gehien duen euskal konpainietako bat da. Perkusio joleak, komedianteak, piroteknikoak… artista horiek musika ikuskizun ibiltariaren maisu dira. Euren lanetan danborrek hots egiten dute, kaleak mota guztietako efektu bereziz betetzen dira, eta artikulatutako txotxongilo handi eta sofistikatuek sentsazio indartsu eta harrigarriak eragiten dizkiete ikus-entzuleei. 

Les Commandos Percu taldeari dagokionez, ia 20 urte daramatza mundu osoko jaialdi batetik bestera, euren perkusio bitxiekin eta material piroteknikoaren erabilera bereziarekin. Musikaren eta suaren arteko fusioa da euren egitasmoen motore nagusia. Ikuskizunetan, aldi berean berria eta antzinakoa den eta kultura eta genero guztiak zeharkatzeko gaitasuna duen lengoaia asmatzen dute. Bikoiztasun horri hirugarren motorea gehitzen zaio, mugikortasuna edo ezustearen artea. Horrek gero eta ausartagoak eta bitxiagoak diren eszenan jartzeetara daramatza musikari-artifizieroak. 

Bilboko Kalealdia, Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Metro Bilbaoren eta Institutu Frantsesaren laguntzarekin.