/ Berriak.

Bilboko Udalaren partaidetza duen mugaz gaindiko lankidetzarako “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” programaren bitartez, Europako zirku konpainia garrantzitsuenetako batzuk izango ditugu gure artean, Bivouac (Frantzia), Daraomaï (Frantzia), H.M.G. (Frantzia) edo “Eia” Zirku Konpainia (Katalunia), besteak beste.

Larunbatera arte, euskal konpainia hauek ere euren azken lanak eskainiko dituzte: Deabru Beltzak, Eva Guerrero, Hortzmuga, Organik eta Shakti Olaizola.

Bilboko Udalak antolatzen duen Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia – BILBOKO KALEALDIA, bere erdigunera heldu da, eta gaurtik aurrera Areatza ingurura aldatuko da, kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman lehen mailan dauden zenbait konpainiaren proposamen berrienak biltzea lortu duen kalitate bikaineko programazioarekin, euskal konpainien azken lanez gain, Deabru Beltzak, Eva Guerrero, Hortzmuga, Organik eta Shakti Olaizolarenak, besteak beste.

Larunbat gauerdira arte, ikus-entzuleek hogeita hamar ikuskizun inguru gozatu ahal izango dituzte –guztiak ere dohainik– bertako artisten eta nazioartean ospe handia duten talde batzuen eskutik. Izan ere, Bilboko Udalaren partaidetza duen mugaz gaindiko lankidetzarako “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” programaren bitartez, Europako panoramako zirku garaikide talde garrantzitsuenetako batzuk BILBOKO KALEALDIAN egongo dira, Bivouac (Frantzia), Daraomaï (Frantzia) edo H.M.G. (Frantzia), besteak beste.

Horrela, Bivouac konpainia frantziar ospetsuak “A corps perdus” zirku eta dantza ikuskizuna eskainiko du, uztailaren 1ean, gaueko 23:00etatik aurrera, Arriaga Plazan. Izan ere, beste urte batez, kokaleku horrek, Areatzako kaiarekin batera, eszenan jartzeko instalazio eta muntaketa handiak behar dituzten gaueko ikuskizun ikusgarrienak jasoko ditu.

Daraomaï frantziarrek “TiraVol” ekarriko dute Euskadira, ikus-entzuleak aireko unibertsora eramango dituen poesiaz eta umorez betetako ikuskizuna. Zirkuko arteak (pertika txinatarra, funambulismoa eta akro-dantza), musika eta dantza, kadentzia gozo eta temerarioaren erritmoan nahastuko dira. Bi emanaldi eskainiko dituzte, Epaltza kalean (gaur, arratsaldeko 19:00etan) eta Areatzako kaian (bihar, arratsaldeko 19:00etan eta gaueko 23:00etan).

H.M.G. konpainia frantsesari dagokionez, Areatzako goizeko programazioa inauguratu du gaur goizean, Estatuan estreinaldia den “3D” lanarekin, karrask egiten, bazilatzen, erritmoa ematen eta dardara egiten duen zirku estruktura bereziaren soinuzko mugimenduei esker egoerak eraikitzen dituen eta ikus-entzuleengandik oso gertu dagoen ikuskizun akrobatikoa.

Bilboko Udalaren partaidetza duen eta konpainia horiek BILBOKO KALEALDIAN egotea erraztu duen sorkuntza eszenikoaren laguntzarako “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” programak 1,3 milioi euro baino gehiagoko diru-laguntza jaso zuen 2016an Europar Batasunetik, artista profesionalen prestakuntzaren eta zirku garaikideko ikuskizunen sorkuntzaren eta hedapenaren alorreko proiektuak aurrera eraman ahal izateko.

Sorkuntzari laguntzeko funts horren bitartez, “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimeneko bazkideek –13 erakunde publikok eta pribatuk– hau bilatzen dute: konpainiei, euren sorkuntza lanak beste lurralde batzuetan lantzeko aukera eskaintzea, hainbat erakusketa sarerekin harremanetan jartzeko; zirku ikuskizunak sustatzeko aukerak handitzea sorkuntzaren fase anitzetan eta zirku konpainien ekintza eremua zabaltzea, euren lanaren neurriak mugaz gaindiko dimentsioa jaso dezan; eta, amaitzeko, hainbat formatutan aurkezteko eta nazioartera heltzeko aukera emango duten ikuskizunak sortzen laguntzea.

EUSKAL KONPAINIAK
BILBOKO KALEALDIAREN edizio honek, Deabru Beltzak, Eva Guerrero, Hortzmuga, Organik eta Shakti Olaizola euskal konpainien azken lanak ere eskainiko dizkie ikus-entzuleei, dantzatik zirkura, kaleko antzerkira edo clownera doazen proposamenekin.

Horrela, BILBOKO KALEALDIAk, Karrikanen –kaleko arteen sorkuntza bultzatzen duen eta Bilboko Udalak parte hartzen duen plataforma– lehen laguntza deialdian aukeratua izan zen Eva Guerreroren “El fin de las cosas” dantza garaikide pieza jasoko du. Lana Eva Guerrero bilbotarrak zuzentzen du, eta interpreteak Garazi López de Armentia eta Aritz López dira. Bilboko jaialdia izango da, baita ere, Shakti Olaizolaren “Baldin bada” azken lanaren aurkezpenerako lekua. Lan horrek antzerkia, zirkua eta txotxongiloak fusionatzen ditu, eta “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” programako lehen laguntza deialdiaren azken aukeraketara heldu zen proiektuetako bat izan zen.

Organik eta Hortzmuga taldeek ere euren azken lanak aurkeztuko dituzte, azken horrek, kalean esku-hartzeko pentsatuta dagoen eta ikus-entzuleen partaidetza aktiboa bilatzen duen “Femmes” ikuskizunarekin. Jaialdiaren edizio honen itxiera Deabru Beltzak konpainiaren eskutik etorriko da, musika eta kaleko antzerkia uztartzen dituen “Su à feu” ikuskizunarekin, danborrek, dantzak eta suak lagunduta. BILBOKO KALEALDIAri amaiera emateko gauerditik aurrera Areatzako kaia hartuko duen ikuskizun horretan, etorkizuneko pertsonaia bitxiek kalea inbadituko dute, erritual modernoek eguneroko bizitzako keinuak integratuko dituzten espazio bilakatuz, munduko hainbat lekutako erritmoarekin eta antzinako suarekin uztartuz. Deabru Beltzak konpainiak 20 urte bete ditu, eta berriro ere bere estilo ezaguna erakutsiko du, ikus-entzuleei, kalea bizitzaz betetako erritmo eta argi jai magikoa eta magnetikoa bilakatzeko gonbidapena eginez.