/ Berriak.

  • Programazioaren barruan kaleko antzerki garbienetik zirkura, clownera, txotxongiloetara, kabaretera edo dantzara doazen 58 ikuskizun jasoko dira, zaldi gaineko artista edo pizzeria ibiltari bat, besteak beste, eta baita umorez eta originaltasunez betetako beste batzuk ere, ikus-entzule guztientzat.
  • Euskal konpainia hauek euren azken lanak aurkeztuko dituzte: Deabru Beltzak, Dikothomia, Eva Guerrero, Hortzmuga, Organik eta Shakti Olaizola. Bilbo bisitatuko duten 27 konpainietatik 18 Estatutik kanpokoak dira, Frantziakoak, Portugalekoak, Danimarkakoak, Erresuma Batukoak eta Txilekoak, hain zuzen ere.
  • Bilboko Kalealdia ekainaren 26an inauguratuko da arratsaldeko 17:00etan Casilda Iturrizar parkean. Parkea jaialdiko aire zabaleko antzoki handi gisa finkatu da, eta programazioaren parte handia jasoko du, Areatza inguruarekin, Arriaga Antzokiaren kanpoaldearekin eta Plaza Barriarekin batera.    

Bilbon, 2017ko ekainaren 15ean. Bilboko Udalak antolatzen duen Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak – BILBOKO KALEALDIAK, bere hemezortzigarren edizioa ospatuko du aurten, eta kalitate maila bikaina erakusten duen programazioarekin egingo du, izan ere, kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman lehen mailan dauden zenbait konpainiaren proposamen berrienak bildu ditu. Ekainaren 26tik uztailaren 1era 58 emanaldi izango ditugu. Horietako asko, aurten aire zabaleko agertoki handi gisa finkatzen den Casilda Iturrizar Parkean izango dira. Aurtengo edizioan parkeak apainketa berezia izango du jaialdiari ongi etorria emateko.

Guztira 27 konpainiak hartuko dute parte: 6 Euskal Herrikoak, eta 18 Frantzia, Portugal edo Danimarka bezalako herrialdeetatik etorritakoak eta 3 Estatuko gainerako lekuetakoak. Euren lanak, dagoeneko ohikoak diren Areatzako, Plaza Barriko eta Arriaga Plazako agertokietan aurkeztuko dituzte, eta baita dagoeneko aipatu den Casilda Iturrizar parkean ere. Aurten ere zirkuko karpa handia instalatuko da parke horretan, eta bertan zabalik egongo diren beste lau agertokiekin batera, hiriko gune berde hori kaleko arte eszenikoez gozatzeko aire zabaleko antzoki gisa finkatuko da.

Jaialdiaren hurrengo edizioaren programazioak, Estatuan lehen aldiz ikusiko diren zortzi ikuskizun jasoko ditu. Nazioarteko proiekzioa duten sei konpainia frantses dira, Cirque Content por Peu, umorez jantzitako akrobazia orekez osatutako ikuskizuna, genero burleskoan eta zine mutuan oinarritutakoa; Les Frelots konpainiaren “Comme un petit air d’ antan”; “Impact” aurkeztuko duen Cie Rêve; “3D” ikuskizuna ekarriko duen Cie HMG; “Fille d´Hestia” zirku ikuskizuna eskainiko duen Mystica Salvaje; eta “Pizza Participative” ekarriko digun Quignon Sur Rue. Estatu mailako estreinaldiak osatzeko Apokellen Marionetas Txileko konpainia eta “Vincent” performancea eskainiko duen Cão a Chuva clown portugesa izango ditugu.

Estatu mailako zortzi estreinaldi horiez gain, programazio osoan azpimarragarria da “Dodo´s Dream” ikuskizun mutua ekarriko duen Circle of Two konpainia britainiarra. 2009tik ikuskizun horrek sari garrantzitsuak lortu ditu Europa osoko jaialdietan. Pigmalionen mitoan eta E.T.A. Hoffmannen ipuinetan inspiratutako lana, zirkua, antzerkia eta txotxongiloak nahasten dituen eta panpina mekaniko baten eta Dodo, haren fabrikatzailearen, arteko ezinezko maitasun istorioa kontatzen duen pantomima poetikoa da.

Horrez gain, Bilboko Udalaren partaidetza duen mugaz gaindiko “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” lankidetza ekimenaren barruan, Europa barruko zirku konpainia garrantzitsuenetako batzuk egongo dira BILBOKO KALEALDIAn, horien artean Bivouac (Frantzia), Daraomaï (Frantzia) edo “Eia” Zirku Konpainia (Katalunia).

Bivouac konpainia frantziar ospetsuak “A corps perdus” zirku eta dantza ikuskizuna eskainiko du, uztailaren 1ean, gaueko 23:00etatik aurrera, Arriaga Plazan. Izan ere, beste urte batez, kokaleku horrek, Areatzako kaiarekin batera, eszenan jartzeko instalazio eta muntaketa handiak behar dituzten gaueko ikuskizun ikusgarrienak jasoko ditu. Daraomaï frantziarrek “TiraVol” ekarriko dute Euskadira, ikus-entzuleak aireko unibertsora eramango dituen poesiaz eta umorez betetako ikuskizuna. Zirkuko arteak (pertika txinatarra, funambulismoa eta akro-dantza), musika eta dantza, kadentzia gozo eta temerarioaren erritmoan nahastuko dira. Bi emanaldi eskainiko dituzte, Epaltza kalean eta Areatzako kaian.

Kataluniako “Eia” Zirku Konpainiak, bere aldetik, “inTarsi” bere azken lana estreinatuko du Euskadin BILBOKO KALEALDIAren barruan, ekainaren 28an, gaueko 22:30etik aurrera, Arriaga Plazan. Lau akrobatek bidaia bat egingo dute, dantzaren, antzerki fisikoaren eta, batez ere, zirkuko arteen bitartez, jarrera akrobatikoekin, bankinarekin, mini-tranparekin edo baskularekin. Lau pertsonaiek, etengabe metamorfoseatzen ari diren elementu eszenografikoekin ikertzen dute.

Nazioarteko proposamenen artean, azpimarragarriak dira, duten berezitasuna dela eta, oso bitxiak diren bi. Horietako bat Éclats de Rock taldearen (Frantzia) “Ma bête noire”, Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango den ikuskizuna izango da. Bertan zaldi bat egongo da, eta, artistarekin batera, dantzari gisa arituko da, eta ez entrenatutako zaldi xume gisa. Arriaga plaza hartuko duen ikuskizun horretarako beharrezkoa izango da neurri handiko metalezko estruktura instalatzea eta, horrez gain hondarrez betetako kamioi ere beharko dira. Izan ere, hondarraren gainean egingo du dantza zaldiak.

Ikus-entzuleentzat oso deigarria izango den beste proposamen bat Quignon Sur Rue taldeak ekarriko du, eta Casilda Iturrizar Parkean instalatuko den “Pizza Participative” izango da. Estatu mailako estreinaldia izango den ikuskizun horretan, pertsonaiak pasio komunaren inguruan elkartuko dira: ogiaren inguruan. Konpainiak labe ibiltaria egin zuen, eta labe horrekin joaten da kaleko jaialdietara. Bizitzaren antzerkia bilatzen dute kaleko jatetxe batean. Esperientzia usainarekin hasten da, labea berotzen hasten denean, ireki baino ordubete lehenago; ondoren antzezle-sukaldarien ikuspegi atseginarekin jarraitzen du, pizzaren orea egiten, abesten…; eta ikus-entzuleek soinu-banda aukeratu ahal izango duten afari-showarekin amaituko da.

EUSKAL KONPAINIAK

Bilboko Kalealdiaren edizio honetan, Deabru Beltzak, Dikothomia, Eva Guerrero, Hortzmuga, Organik eta Shakti Olaizola euskal konpainiek euren azken lanak eskainiko dituzte, dantzatik zirkura, kaleko antzerkira edo clownera doazen proposamenekin.

Horrela, BILBOKO KALEALDIAk, Karrikanen –kaleko arteen sorkuntza bultzatzen duen eta Bilboko Udalak parte hartzen duen plataforma– lehen laguntza deialdian aukeratua izan zen Eva GuerrerorenEl fin de las cosas” dantza garaikide pieza jasoko du. Lana Eva Guerrero bilbotarrak zuzentzen du, eta interpreteak Garazi López de Armentia eta Aritz López dira. Bilboko jaialdia izango da, baita ere, Shakti Olaizolaren “Baldin bada” azken lanaren aurkezpenerako lekua. Lan horrek antzerkia, zirkua eta txotxongiloak fusionatzen ditu, eta “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” programako lehen laguntza deialdiaren azken aukeraketara heldu zen proiektuetako bat izan zen.

Dikothomia, Organik eta Hortzmuga taldeek ere euren azken lanak aurkeztuko dituzte, azken horrek, kalean esku-hartzeko pentsatuta dagoen eta ikus-entzuleen partaidetza aktiboa bilatzen duen “Femmes” ikuskizunarekin. Jaialdiaren edizio honen itxiera Deabru Beltzak konpainiaren eskutik etorriko da, musika eta kaleko antzerkia uztartzen dituen “Su à feu” ikuskizunarekin, danborrek, dantzak eta suak lagunduta. BILBOKO KALEALDIAri amaiera emateko gauerditik aurrera Areatzako kaia hartuko duen ikuskizun horretan, etorkizuneko pertsonaia bitxiek kalea inbadituko dute, erritual modernoek eguneroko bizitzako keinuak integratuko dituzten espazio bilakatuz, munduko hainbat lekutako erritmoarekin eta antzinako suarekin uztartuz. Deabru Beltzak konpainiak 20 urte bete ditu, eta berriro ere bere estilo ezaguna erakutsiko du, ikus-entzuleei, kalea bizitzaz betetako erritmo eta argi jai magikoa eta magnetikoa bilakatzeko gonbidapena eginez.

Jaialdiak goizeko zenbait ikuskizun programatu ditu aurten ere, Areatzan, Arriaga Antzokiaren alboan eta Casilda Iturrizar parkean, antzerkia, zirkua, clowna eta musika uztartzen dituzten Cie H.M.G, Les Frelots eta Shakti Olaizolarekin. Ikuskizun horiek familia osorako daude pentsatuta, ikasleak dagoeneko oporretan dauden egunetan.

Ohikoa denez, BILBOKO KALEALDIAREN barruan programatu diren ikuskizun guztiak doakoak izango dira, Casilda Iturrizar parkeko karpa barruan egingo diren emanaldiak izan ezik. Ikuskizun horiek 3 euroko prezio sinbolikoa izango dute, leku kopuruaren kontrola egin ahal izateko. Karpak, Le Cirque Dans Les Étoiles frantsesen “Petites histoires de cirque” ikuskizuna jasoko du, zirkua, musika, txotxongiloak eta objektuen antzerkia nahasten dituen eta irudimenez beteta dagoen sorkuntza lana. Sakontasun historikoa eskaintzen duen zirku garaikide istorio txikia, sormenez eta poesiaz betetako ikuskizuna izateaz gain. Ikuskizun horretan jasotako diru guztia, 2008tik Bizkaiko ospitaletan aritzen den irabazi asmorik gabeko Irrikiclown pailazo elkartera bideratuko da.